« Atzealdea

Gipuzkoa Europako jardunbide egoki gisa aurkeztu da partaidetutako enpresari buruzko Europako biltzarrean

Argazkia EFEk lagata erabiltzeko

 

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk partaidetutako enpresari buruzko Europako hamargarren topaketan parte hartu du: "Tenth European meeting of employee share ownership- Which European policies for employee share ownership? Intentions and expectations". European Federation of Employee Share Ownership (EFES) federazioak antolatu zuen biltzarra, eta maiatzaren 19an izan zen, Bruselan. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundia garatzen ari den politika aurkeztu zuen Aizpuruk; langileek enpresetan parte har dezaten sustatzeko politika.

Gipuzkoa jardunbide egoki gisa aukeratu da topaketa honetarako, partaidetza finantzarioa sustatzeko Europan ezartzen ari diren politiken barruan, Gipuzkoak lurralde ikuspegitik egin duelako partaidetzaren aldeko apustua.

 

Argazkia EFEk lagata erabiltzeko

 

"Best of European policies in 2016" saioaren barruan, Ekonomia Sustapeneko diputatuak zehatz-mehatz azaldu zuen zer lurralde-estrategia darabilen Gipuzkoak langileek enpresan parte har dezaten sustatzeko. Batetik, lurraldearekin konprometitutako eragileen sarea eraikitzeko egindako lana nabarmendu zuen (partaidetzan ibilbidea duten erreferentzia-enpresak, patronalak eta enpresa-elkarteak, sindikatuak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, toki-eragileak eta lurraldekoak), errealitate zehatz batetik, lurraldearen ikuspegi partekatuarekin eta partaidetzan oinarritutako aurrerabide sozioekonomikoko ereduarekin lan egin dezan. Bestetik, foru-erakundeak berak partaidetza finantzarioaren alde martxan jarriko dituen tresna fiskal berrien proposamen berria aipatu zuen. Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea (ASLE) ere izan zen bertan, elkarteko gerente Josetxo Hernandezen bidez, eta partaidetutako enpresaren eredua aurkeztu zuen.

 

Argazkia EFEk lagata erabiltzeko

 

Jardunaldiaren helburua izan zen partaidetza finantzarioa sustatzeko Europako politiken inguruko jardunbide egokiak sustatzea. Jardunaldian izan ziren Europako Erkidegoko erakundeak, enpresak, enpresa-elkarteak eta Europako hainbat eragile. Horretaz gain, Europako partaidetza finantzarioari buruzko urteko txosten ekonomikoa ere aurkeztu zen.

Aldundiaren apustu estrategikoa da partaidetza sustatzea enpresetan, eta berariaz jasota dago, atal berezi batean, foru-erakundearen politikak kudeatzeko maila guztietan: Ekonomia Suspertzeko Plana, Kudeaketa Plana eta "Etorkizuna Eraikiz" hausnarketa estrategikoa. Horrek garbi uzten du zer konpromiso hartu duen Gipuzkoak pertsonekin, enpresekin eta lurraldearekin, PK –Pertsonekiko konpromezua– eta LK –Lurraldearekiko konpromezua– programen bidez.

 


Erlazionatutako informazioa ikusi
Erlazionatutako informazioa
Dokumentuak
Tenth European meeting of employee share ownership Programa. Jornada. European Federation of Employee Share Ownership ( EFES). Bruselas. Mayo. 2016
GIPUZKOA, PARTAIDETZAREKIN KONPROMETITUA DAGOEN LURRALDEA Aurkezpena. Ainhoa Aizpuru. Gipuzkoako Foru Aldundia. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua. Jardunaldia:Tenth European meeting of employee share ownership. European Federation of Employee Share Ownership( EFES). Bruselas. Maiatza. 2016
La Sociedad Laboral-Referencia de la empresa participada Aurkezpena. Josetxo Hernández. Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea. Jardunaldia:Tenth European meeting of employee share ownership. European Federation of Employee Share Ownership( EFES). Bruselas. Maiatza. 2016